Des-eraikitzen

Sektorea egituratu

Eraikuntza materialen berrerabileraren sektorea egituratzea ezinbestekoa da. Alde batetik eskaintza garatu beharko da. Hau da, hobiak, lurralde bati dagozkion material mota eta kantitateak, hornitzaile posibleak edo deseraikitzaileak identifikatu behar dira. Gainera, eskaria garatu beharra dago: eragile ezberdinak identifikatu, obra kontroletik hasita ikerketa bulegoetara, material horiekin eta horientzat lan egingo duten (des)eraikuntza enpresak barne.

Hau guztia informazio trukearen eta formakuntzaren bidez gertatzen da. Eraikuntza munduko etorkizuneko eragileen bidez batez ere. Berrerabili proiektua (#Ideiak2022) urrats garrantzitsua izan da zentzu honetan. Adokin elkarteak lantegi eta hitzaldien bidez batetik, eta Berrerabili erakusketarekin bestetik, ildo horretan lan egiten du. Eskala handiago batean, FCRBE (Interreg NWE) proiektu europearraren barruan garatutako Opalis proiektua, adibide interesgarria da. Opalis, Frantziako, Belgikako eta Herberehetako bigarren eskuko materialak eskaintzan dituzten hornitzaileak eta orokorrean berrerabileraren arloko eragileak biltzen dituen web-orria da. Gainera, berrerabilera adibide argigarriak eta materialen fitxa teknikoak jasotzen ditu (honen inguruko artikulua Adokin blog-ean). FCRBE proiektuaren webgunea, bestetik, berrerabilerari buruzko informaziogunea da eta proiektu esperimental ugari aurkezten ditu. Formakuntzari dagokionez, Patxa’ma-k ekintza anitz garatzen ditu formakuntza zentroetan eta taldeko kide batzuk formakuntza bat burutu zuten IDRE elkartean (Interprofessionnelle de la Déconstruction et du REemploi, egoitza Pau hirian duena, eta beraien helburua sarea egituratzea eta profesionalizatzea da, formakuntza eta sentsibilizazioaren bitartez bereziki). Sektorearen egituratzeak ez luke teorian geratu beharko, baina oraindik eremu esperimentala denez, praktika bultatzen hastea funtsezkoa da. Horregatik garrantzitsua da, hemen, Gipuzkoan, lehen deseraikitze obra burutzea, behingoz bildutako teoria, gure lurraldearen eta gure ohituretara moldatzeko.

Ikusi dugun moduan, eraikuntza materialen berrerabileraren balazta nagusia kulturala bada ere, gainontzeko balaztak eta pizgarriak identifikatu behar dira, oraindik motel dabilen sektorea guztiz egituratzeko. Horietariko batzuei buruz arituko gara hurrengo artikuluetan (legegileak, teknikoak eta aseguruen ingurukoak). Honi buruzko dokumentu interesgarria argitaratu du ADEME-k, Frantziako trantsizio ekologikorako agentzia. Balaztak identifikatzeaz gain, ekintza pistak proposatzen ditu eta horietariko batzuk praktikan jarri dira dokumentua argitaratu zenetik.

Share this post