Informazio gehiago

Des-eraikitzen proiektua, Adokin eta Patxa’ma-k, hurrenez hurren Gipuzkoan eta Pirineo Atlantikoetan kokatuta dauden bi elkartek aurkezten dugu. Patxa’mak, eraikuntza materialen berrerabileran lan egiten du, eraitsiko diren eraikinetatik materialak berreskuratzen, berriz ere merkaturatzeko. Adokin elkarteak, eraikuntza materialen berrerabileraren inguruko bitartekaritza eta dibulgazio lanak burutzen ditu. Bien arteko ezagutzak batuz, Gipuzkoan kokatutako dekonstrukzio/deseraikitze obra bat burutzea proposatzen dugu, hegoaldean, iparraldean ikusi dugun bezala, testuinguru soziala eta legedia ezberdinak diren arren, eraikuntza materialen berrerabilera posible dela erakusteko.

Eraikuntza sektorearen ingurumen-inpaktu altua izanda, hau gutxiagotzen lagunduko duten proiektuak eta teknikak bultzatzea ezinbestekoa da. Eraikuntza sektorea, estatuko lehengaien kontsumoaren %25aren eta munduko CO2isurien %40aren erantzule da eta hondakinen heren bat, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak (EEH) dira. Birziklapenarekin ez bezala, kontu handiz egindako deseraikitze prozesuan berreskuratzen diren materialak, berriz erabili daitezke hondakin izatera iritsi gabe. Bestalde, berrerabilerak, ondare eta kulturarentzat duen onura uka ezina da, gaur egun gaitzesten diren materialak edo antzinako lan egiteko teknikak berreskuratzen baititu. Praktika honekerakusten duen eskulanaren beharrari esker, tokian tokiko enpleguak sortzeko ahalmen handia du gainera.

Batetik, gaur egun eraikuntza irtenbide jasangarriagoen beharra ikusita eta berrerabilera, honen adibide garbia izanik, hegoaldean ere deseraikitze obra bat burutzea posible dela erakustsi nahi dugu, iparraldean arlo honetan emandako aurrerapausuak hegoaldean ere ezartzeko. Bestetik, proiektu honen bidez, etorkizunean eraikuntza sektorean lanean arituko diren profesionalei, eraikitzaile zein arkitektoei, gaur egungo ikasleei alegia, eraikuntza materialen dekonstrukzioa modu eraginkor batean burutzeko jarraitu beharreko prozedura irakatsiko diegu. Gainera, eraikuntza materialen berrerabileraren ingurumen-abantailak azpimarratu nahi ditugu proiektu honen bidez. Proiektua, epe luzeagora begira, Gipuzkoan, eraikuntza materialen berrerabileraren garapenerako hausnarketa izatea nahi dugu. Horretarako, proiektuaren fase bakoitzeko ibilbide-orria burutuko dugu, prozesuan aurkitutako balaztaketa hauek konpontzeko, iparraldeko kasuan inspiratuta, erabilitako irtenbideak (teknikoak, legegintzakoak,…) bilduko dituena. Proiektua eta honen emaitzak jende gehienari iristeko, bisita presentzialez gain, proiektuari eskainitako web-orri batean proiektuaren inguruko informazioa zabalduko dugu.