Des-eraikitzen

Obraren bilaketaren txostena: adibide konkretu bat (I)

Dekonstrukzio obraren bilaketaren barruan, Donostian eraisteko zorian zegoen biltegi bat bisitatu dugu. Eskerrik asko hiriko obra publiko zerbitzuko arduradunei aukera hau emateagatik. Eraikinaren narriadura egoerak eta eraispen lanen plangintzako epe motzek ez zuten baliabide analisia egitea ahalbidetu. Eraikinaren berehalako desagertzea, lerro hauek idazten ari garen bitartean eraispen lanak hasita daude, eta ordurako itxita zegoen eraispen txostenak ez lukete ahalbidetuko baliabide analisiaren ondorioak kontutan hartzen. Ezta balizko deseraikitze partziala planteatzen ere. Hala ere, bertan ikusitako elementu batzuk interesgarriak iruditu zaizkigu eta azterketa sakonagoa merezi zuten, eraikina egoera hobean zegoenean egina, deseraikitzearen bideragarritasuna eta berrerabilera ahalmena ebaluatzeko. Hona hemen elementu interesgarrien zerrenda partziala:

  • Eraikinaren metalezko egitura nagusia eta bulegoen solairuartea eusten duen bigarren mailako egitura mistoa (zura eta metala). Duela gutxi, metalezko egitura bat berrerabili zen Iparraldean Patxa’ma-ren laguntzarekin. Interesgarria litzateke antzeko berrerabilera kontutan hartzea eta horretarako egituraren egoera aztertzea.
  • Biltegi nagusiko 12 luminariak. Desmuntatzeko errazak, hauen egokitze prozesua aztertzea interesgarria litzateke. Eraispen-enpresari esker, elementu horietako batzuk berreskuratu ahal izan ditugu.
  • Burdinurtuzko 7 erradiadore. Tamaina eta pisu handia izan arren, badira mota honetako erradiadoreak egokitzen dituzten enpresak. Hauek birmanufakturatzeko eman beharreko pausuak ondorengoak dira: tapoiak demuntatu, desugerketa, barne garbiketa, leunketa fina eta pintura, ixtea eta iragaiztasunaren egiaztatzea. Kasu honetan ere interesgarria izango litzateke aukera hau aztertzea.
  • Bulegoetako zurezko tabikeak. Batzuk egoera onean zeuden eta hauen muntaketa sistema aztertzea ezinbestekoa da dekonstrukzio lanak aurrera eramateko. Izan ere, hondakinak kudeatzeko planaren arabera elementu hauek eta zurezko beste batzuk ez dira birbalorizatuko.
  • Zurezko ate eta leihoak, tartean biltegiko sarrerako ate handia eta irekitze sistema.
  • Elementu sanitarioak (konketak, txorrotak, eskuoihalen esekitokiak, komuneko papera jartzeko euskarriak, etab) hondakinak kudeatzeko planaren arabera ez baitira birbalorizatuko.
  • Material elektrikoa (entxufe, etengailu, luminariak, etab).
  • Bulegoetako sabai-aizuna.
  • Lauzak eta beirazko blokeak.
  • Eraikinean gordetzen ziren hainbat elementu. Besteak beste, antzinako ate eta leiho-orriak edo beirateak (hauetako bat berreskuratu ahal izan dugu).

Share this post